XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Espainiako gobernuan denak itsusienarekin dantzan

RAMON ETXEZARRETA

Apirilak 22.

Ez dago denborarik ezertarako.

Jaiki eta lanera, lanetik otordura, eta otordutik lanera, berriro bueltan etxera, arnasa hartu mokadu bat pasa eztarrian eta liburu baten aurkezpenera handik korrika bizian irratian tertulia egitera.

Hau dena egin bitartean pentsa daitekeela zerbait ere esan liteke bada, baina keba.

Presak janda egon ezkero pentsatu ez denik ezin daiteke idatzi, magoa beharko nuke izan, baina denborak ere ez daude magiatik bizitzeko.

Horregatik gertatzen da harrigarri Juan Garmendia Larrañaga bezalako gizon bat.

Gaurkoan bere Euskal pentsamendu magikoa liburuaren aurkezpenean izan naiz, magia hutsa.

Nola arraio moldatu liteke gizon bat Tolosan dendari izanik, gorputz ederregia dauka baina dendan lan asko egina izateko, berrogeitaka liburu idatzi eta argitaratzeko?

Gogoa eta disziplina behar dira magikoak horretarako.

Beraz, oraindik ere badago magiarik inor horretatik bizi ez bada ere.

Apirilak 23.

Liburuaren eguna.

Begiratu ere ez egitea erabaki dut.

Ez da ezergatik, baina lehen, beti lehen, aspaldi, zaharrek bezala, beti egoten zen berriren bat, nobedaderen bat, zerikusi bitxiren bat.

Gaur aurrez publizitateak erakutsia ez bada gerora nonahi topatuko duzun gaia egoten da erakusgai, xarma guztia galdu du denak.

Ez dakit kultura indartzea den edo kontsumoa haztea, guztia bedi onerako.

Liburuak ia protagonismorik ez du hartzen eta liburudendariak dira hauek ere egunen bat behar dutela eta, kalea hartzen dutenak.

Dena den lehen, beti lehen zaharrek bezala, liburudendaria izatea arte bat zen, jendea gidatzeko ofizioa.

Gaur, liburudendari gehienak publizitatearen azken adar punta bat besterik ez dira, eroslea agudo despatxatzera bakarrik dedikatzen direnak, eta irakurleek erakutsi behar izaten diote ia beti, askotan baita zer daukaten ere.

Apirilak 24.

Retolazari barkatu egin omen diotela esan du irratiak.

Barkatu baino hobeto errugabe deklaratu dutela.

Nik, sinesten dut, sinesten dut, sinesten dut, oilarrak kukurrukua jo arte baina, barkatu egin diotela esaten dut.

Koño! Nola uler liteke bere menpekoak, bere ordenak eta aginduak obeditzen zituztenak errudun izatea eta agindua ematen duena errugabea?

Berak emandako agindua ez bazen berriz (????) nere iritziz kondenatu egin behar zuketela, ez ezer espeziala egiteagatik, bere menpekoek bere izenean zer egiten zuten ez zekien idiota guztizkoa izateagatik baizik.

Horretarako Barne Sailburu?

Ez adarrik jo!

Ez, ez, ez.

Horretan ez zaio utzi behar ezta Arzallusi ere.

Gizon hau beharrezkoa, ezinbestekoa izan liteke askotan, baina ez beti.

Zenbaitetan esan egin behar zaio zurekin ezta heredatzera ere hura, Retolaza heroe bat dela esaten duenean adibidez.

Nik botako dut estatua ipurdiz gora.

Apirilak 25.

Telefonotik telefonora Benegasenera.

Aze litxarreria!

Ez garela jendeak uste duen bezain tentelak eta usain hartuta geneukala duela aste pare batetik hona!

Zer nahi zenuten bada?

Han, Barajasko abioian eskaini zidanean hartu eta hastea Dime tigre mia, leona!... Prepárate que voy como un cohete...

Bai neska jota, jata... rrrrrrriiiiiiau natxian... hartu behar dun goxatu ederra!

Ez didan gaur ihes egingo!*

Lehenaz gain ez nintzen batere parregarri geldituko Ser katean hoiek botatakoan.

Bota ere, bota egin behar bait dira hoiek, lan guztiz profesionala dela aitzaki hartuz.

Banketxe batetik larehun milioi harrapatzen dituenak ere lan oso profesionala egiten du, baina harrapatzen baldin badute piska baterako kerizpean sartzen dute.

Egin duenak bazekien zer egiten zuen, Espainiako gobernuan denak dabiltza itsusienarekin dantzan eta handimandiekin horrelakoak egiten dituztenean zer arraio ez ote dituzte egingo txanda guri tokatzen zaigunean.

Aurrerapenak adiskidea!

Aurrerapenek ere denetarako balio dute, baita atzera egiteko ere.

Apirilak 26.

Azpeitiko Iturritxikiko irudiari gorputzeko zatirik preziatuena erori omen zaiola eta irri egiten zuen Imanol Eliasek gaur idatzi duen artikuluan.

Alkatetzarako presentatzen naizela eta irri gehiago egiteko esperantzarik ez du galdu sasoi batean kontrario izan nuen nere lagunak.

Programako helbururik nagusienetako bat izatea erabaki dut irudiari gorpuzki hoiek bere lekuan eta tamainan jartzea beste hori eta guzti.

Beste horri berriz, ondo daki hori Imanolek, jarri omen zaizkio dagoenekoz dardarka.

Gauzak konponduz dibertizea bezalakorik ez da.

Horixe Urrestillakoek ez dugula nolanahi egiten atzera!

Inor inon ez da gogoratu Gernikako bonbardaketaz.

Apirilak 27.

Atzo kazetari bat telefonoz deitu beharrean gertatu nintzen enkargu bat emateko, zera Aizpuru erremontelariaren omenaldia zela eta Urrestillan.

Gaur pilotako orrialdean atera naiz argazki eta guztia datorren igandeko finalari buruz iritziak ematen.

Besterik ez zitzaidan falta saltsero enteroa naizela arrazoi guztiz pentsatzeko edo izateko, neuk ez dakit ziur.

Nik pelotaz dakidana eta zerako zeraren zera berdinak dira, hutsa.

Horregatik egun dotorea bota dut.

Gutxik aurpegiratu didate lotsagabekeria eta atrebentzia, baina atzea ematen nien orduko irrifarreak entzun egiten nituen.

Zor diot enpaza, fabore koxkorren bat, hori egin didana, zenbait pagatuta irteteko prest egongo litzatekeen tokian debalde ateratzea, berdintzeko.

Urte hau amaitzerako sartuko diot ziria Truebari, ez Torrelavegako arkakusoari, DVko arraultz zorriari baizik.

Apirilak 28.

Denbora librean, rancherak, corridoak, boleroak, habanerak eta horteradak entzutea besterik ez dut egiten eta hoiek kutsatu egiten dute.

Aste honen hasieran, adibidez, goardasola galdu nuen.

Aspaldian parranda bakoitzeko bat galduaz nabil, baina oraingoa galtzea ikaragarri sentitu dut.

Beste hura zen, zu eta biok estaliz behin baino gehiagotan gure txorakeriak, maitakeriak eta giharre bigunetako kontuak entzun eta buruz zekitzan hura.

Zu eta biok umekeriatan eta jolasetan ikusi eta oraindik ahaztu gabe zeuzkan hura zen.

Zu aspaldi joan zinen, baina goardasola nerea zen eta horrek kantidadea izorratzen nau, ezer gabe gelditzen hasita testigurik ere gabe gelditu naiz eta.

Orain, nik esandakoak nork sinestuko ditu, inork aldamenetik bai, neuk ikusia da, neu entzuna esaten ez badu.

Nerekiko harrapatu egin didazula.

Aze astea!